Apirilak 2 – Ekainak 11

Energia komunitatea sortzera goaz

Durangon hainbat herritar batu gara, gaur egungo energia ereduaz arduraturik, energia komunitate bat sortzeko. Ez gara hutsetik hasten: Dagoeneko egin ditugu hainbat bilera eta hitzaldi, eragile eta erakundeekin harremanak, eta inguruko herrietako esperientziatik ikasi dugu. Bestalde, Goiener izango dugu prozesu honetan bidelagun.

Zergatik energia komunitatea?

Bizitzen ari garen mundu mailako egoerak arduratzen gaitu: larrialdi klimatikoa gero eta ageriagoa da, eta zenbait ondorio pairatzen ari gara jada. Horren adibide da mundu mailako bederatzi muga planetariotatik sei igaro ditugula.

Erregai fosilen aroa atzean uztea ez da aukera bat, derrigorrez egin beharreko trantsizioa baizik. Esan dezakegu energi trantsizio betean aurkitzen garela, baina, nolakoa nahi dugu izatea trantsizio hau? Berriz ere enpresa eta korporazio handien eskuetan utzi nahi dugu energiaren gaia? Ala herritarrok ahaldundu, ardura hgartu eta erabakietan parte hartu nahi dugu?

Horretarako tresna eraginkorrak dira Energia Komunitateak, eta hiru helburu nagusi izan ohi dituzte:
1. Energia aurreztea.
2. Kontsumitu behar dugun energia berriztagarria eta ahalik eta gertuen sortzea.
3. Energiaren kudeaketa komunitarioa izatea.

Nola egingo dugu?

Horretarako 4 bilera eta ondorioen egun bat antolatu ditugu. Saio bakoitzean, gai bat jorratuko dugu elkarrekin, gure energia komunitatea era kolektiboan eraiketzeko. 

Saioak Energia Trantsiziorako Durangoko herritar taldeak dinamizatuko ditu. Guztietan, Goiener izango dugu bidelagun arlo teorikoa lantzeko eta prozesuaren egokitasuna bermatzeko.

1. saioa: Apirilak 2

Energia Berriztagarrien Komunitateak. Zer dira?

Zer dira energia komunitateak? Zein da haien funtzioa? Nolako egitura dute? Zer ekarpen egiten diote herriari? Saio honetan, galdera horiek erantzuteaz gain, Durangoko Energia Komunitatea sortuta, zer proiektu gara ditzakegun amestuko dugu.

2. saioa: Apirilak 29

Autokontsumo partekatua

Autokontsumorako aukerak gero eta zabalagoak dira. Saio honen helburua aukera horiek aztertzea izango da bai ikuspegi teknikotik, bai ekonomikotik

3. saioa: Maiatzak 14

Lan taldeak

Energia Komunitatea sortzeko zein lantalde behar diren eta bakoitzaren eginkizunak definituko ditugu. Amaieran, parte-hartzaile bakoitza nahi duen lantalde batean kokatu ahalko da.

4. saioa: Maiatzak 28

Komunitatearen izaera juridikoa

Zein izaera juridiko izan dezake gure Energia Komunitateak? Beste herrietako esperientziak ezagutuko ditugu, eta gure proiektuari gehien egokitzen zaion eredua definituko dugu.

Ondorioak: Ekainak 11

Ondorioen eguna

Prozesu osoaren laburpena egingo dugu eta azken erabaki garrantzitsuak hartuko ditugu, elkarrekin, gure Energia Komunitatea abian jartzeko.