Lehenengo saioaren laburpena: Energia Komunitateak

Apirilaren 2an, Durangoko Energia Komunitatea martxan jartzeko lehen saioa egin genuen Maristak Ikastetxean. Giro atsegin eta parte-hartzailean, hasiera eman genion herritarrekin batera eraikiko dugun prozesu honi.

Elkar ezagutzeko dinamika

Lehen ariketa gisa, parte-hartzaileok elkar ezagutu eta motibazioak partekatu genituen: batzuk trantsizio energetikoaren aldeko interesagatik hurbildu ziren, beste batzuk energia aurrezteko aukeragatik edo ingurumenarekiko kezkarengatik. 

Talde askotan, energia eredua eraldatzeko premia azpimarratu zen, eredu jasangarri eta demokratiko batera jauzi egiteko beharraz.

EBKen inguruko formakuntza (Goienerren eskutik)

Saioaren bigarren atalean, Goiener kooperatibak azaldu zigun zer den Energia Berriztagarrien Komunitate bat (EBK) eta zergatik den tresna eraginkorra:

  • Herritarrek kontrolatutako egitura bat da, tokiko baliabideekin energia sortzeko eta banatzeko.
  • Helburua ez da irabazia, baizik eta onura sozial, ingurumeneko eta ekonomikoa lortzea.
  • EBK batek aukera ematen du energia burujabetza, fakturen aurrezpena eta kontzientzia energetikoa lantzeko.
  • Gizartea antolatzeko modu berri bat proposatzen du: demokratikoa, inklusiboa eta tokikoa.
  • Adibide arrakastatsuak erakutsi zituzten, hala nola Hernaniko Enherkom komunitatearena edo Belgikako Ecopower kasua.

“Amestera” dinamika: Etorkizuneko energia proiektuak

Talde-dinamikan, etorkizun energetiko jasangarri baterako ideiak partekatu genituen. Irudimena eta errealismoa uztartuta, askotariko proposamenak sortu ziren, hainbat arlotan sakonduz:

⚡ Energia sorkuntza eta autokontsumoa

Parte-hartzaile askok tokian-tokiko energia berriztagarria sortzearen garrantzia azpimarratu zuten. Proposamenetan nabarmendu zen eguzki-instalazioak sustatzea, bai eraikin publikoetan, bai pribatuetan.

Horrez gain, funtsezkotzat jo zen Durangok energia berriztagarria ekoizteko dituen aukerak aztertzea. Ildo horretan, proposatu zen unibertsitateko ikasleekin lankidetzan aritzea, gradu amaierako lanen bidez tokiko baliabideak aztertuz.

Sortuko litzatekeen energia berriztagarria autokontsumora bideratzea zen helburu nagusia, komunitatearen beharrak asetzeko bidean.

💡 Aholkularitza eta arreta energetikoa

Ideia errepikatuenetako bat izan zen aholkularitza-zerbitzu bat sortzea. Herritarrei laguntza eskaintzea funtsezkotzat jo zen, bai fakturak ulertzen, bai diru-laguntzak eskuratzen, eta baita euren kontsumoa optimizatzen ere. Zentzu horretan, bulego fisiko bat izatea proposatu zen, informazio fidagarria jasotzeko eta arreta pertsonalizatua emateko. Pobrezia energetikoari aurre egiteko zerbitzu espezializatuak ere mahai gainean jarri ziren, sentsibilizazio kanpainen bidez herritarren artean kontzientzia pizteko asmoz.

🚗 Mugikortasun jasangarria

Energia komunitate batek mugikortasunaren eraldaketan ere eragin dezakeela uste izan zuten zenbait taldekidek. Kotxe elektriko partekatuen sistema bat sortzea proposatu zen, baita horiek kargatzeko azpiegitura ere. Mugikortasun partekatua (bike/car sharing) eta tren edo autobus zerbitzuen hobekuntza azpimarratu ziren, eskualde ikuspegitik garatutako estrategien bidez. Ohiturak aldatzea ezinbestekotzat jo zen, eta horretarako beharrezko baliabide tekniko eta sozialak identifikatu ziren.

🏘️ Komunitatea eta parte-hartzea

Komunitate anitz, irekia eta inklusiboa eraikitzea jarri zen erdigunean. Parte-hartzaileen artean kezka zabaldua zegoen: nola egin komunitatea benetan anitz eta representatiboa? Hori lortzeko, proposatu zen hausnarketa kolektibo bat egitea, identifikatzeko nortzuk falta diren eta nola hurbildu kolektibo horietara. Irisgarritasuna, komunikazio argia eta espazio seguruak sortzea ezinbestekotzat jo ziren. Energia komunitatea ez da bakarrik instalazio eta teknologiaz osatzen, pertsonen arteko loturez eta auzolanaz ere eraikitzen da.

🏫 Hezkuntza eta sentsibilizazioa

Hezkuntza arloan, proposamenak eskoletan oinarritu ziren. Gazteen sentsibilizazioa, unitate didaktiko bateratuak eta komunitate energetikoaren balioak hezkuntza sisteman txertatzea helburu izan zuten hainbat ideiak. Eskolekin elkarlanean, jarduera komun batzuk egitea proposatu zen, hiruhilekoz gai zehatz batzuk landuz, eta ekintzak etxeetara zabaltzeko komunikazio estrategiak diseinatuz. Horrez gain, gazteen ahotsa prozesuan txertatzea proposatu zen.

Ikusi hemen Goienerreko kideak emandako formakuntza atala:
https://youtu.be/bhKp_1Fcpo0

Hurrengo saioa: Apirilak 29

Hurrengo saioa Apirilaren 29an izango da, 18:30ean San Antonio ikastetxean. Bertan AUTOKONTSUMOAren inguruan ikasiko dugu, eta autokontsumoaren inguruko kontu teknikoak eta ekonomikoen inguruan arituko gara. Animatu!