#2 Bigarren saioaren laburpena: Autokontsumo partekatua

Apirilaren 29an PIZTU Durango dinamikaren 2. saioa egin genuen, San Antonio ikastetxean. 30 bat lagun batu ginen autkontsumo partekatuaren gaia lantzeko.

Saioa 2 zatitan banatu zen:

Autokontsumoari buruzko formakuntza

Formakuntzaren lehen zatian, Goienerren eskutik, autokontsumoari buruzko oinarrizko alderdi tekniko eta ekonomikoak landu genituen.

Energia Komunitateek ohikoa dute autokontsumo partekatuko instalazioak garatzea. Horien bidez, sortutako energia komunitateko bazkideen artean banatzen da. Horrela, ingurumen-inpaktua murriztu eta elektrizitate-fakturan aurrezpenak lortzen dira.

Baina… nola heltzen da sortutako energia hori gure etxera? Ez da kable berezirik behar. Energia sare orokorrera injektatzen da, eta handik iristen da etxeetara.

Eta hori… nola islatzen da fakturan?

Oso erraz: lehenik eta behin, zure merkaturatzaileari jakinarazi behar diozu Energia Komunitate baten kide zarela. Ondoren, merkaturatzaileak zure parte proportzionala kalkulatzen du eta dagokion deskontua aplikatzen du zure fakturan.

Energia kontsumo ohituren azterketa

Saioaren bigarren zatian, kideen energia-kontsumo ohiturak aztertu genituen, kontsumo-kurbak erabiliz. Helburua izan zen kontsumoaz kontzienteago izatea eta, hortik abiatuta, gure energia-kontsumoa murrizteko neurriak elkarrekin pentsatzea.

Lan hau ezinbestekoa da autokontsumoaren ikuspegitik: zenbat eta hobeto ezagutu gure ohiturak, orduan eta egokiagoa izango da energia sortzeko eta banatzeko eredua diseinatzea. Gainera, gure kontsumoa murrizteko eta eraginkortasuna handitzeko neurri kolektiboak proposatzeko lehen pausoa da.

Hortaz, saioan helburu bikoitza izan genuen:

  • Energia-kontsumoaren inguruko kontzientzia indartzea.
  • Etorkizunera begira, kontsumoa arrazionalizatzeko neurriak elkarrekin proposatzen hastea.

Neurri horiek komunitatearen balioekin bat egon behar dute: elkartasuna, jasangarritasuna eta ekitatea. Datozen saioetan, ideia horiek plan eta ekintza konkretu bihurtzeko bidean jarriko gara.

Hurrengo saioa

Hurrengo saioa Maiatzaren 14an izango da, asteazkenean, Ibaizabal Ikastolan. Bertan Energia Komunitate baten funtzionamenduan sakonduko dugu, lan talde ezberdinak martxan jarriz.