Elkarrizketa Durangon-en

Jatorrizko elkarrizketa: https://www.durangon.com/helburua-da-durangok-energia-komunitate-bat-izatea-urrirako/

Piztu Durango herritar egitasmoak energia berriz­tagarrien komunitatea sortzea du xede. Apiriletik formakuntza-saioak egiten aritu dira, Goiener kooperatibaren laguntzarekin, Durangoko Energia Komunitatea modu egokian era­tzeko, eta hilaren 11n azken bilera izango dute, erabaki guztien laburpena eta ondorioak aztertzeko. Komunitatea herritarrek, enpresek eta erakundeek osatutako taldea da, energia berriztagarria sortu, kudeatu eta partekatzeko.

Helburua energia-eredu jasangarri bat eraikitzea da, durangarrek sortua eta Durangorentzat. “Durangok ere behar du energia komunitate bat, auzi klimatiko eta energetikoari, era kolektiboan, aurre egiteko”, adierazi dute Piztu Durango dinamikako kideek.

-Piztu Durango herritar egitasmoak energia berriztagarrien komunitatea sortzea du helburu. Zer da energia komunitatea?
-Energia komunitate bat hainbat eragilez osatutako talde bat da. Bere helburua energia eredua eraldatzea da, %100 berriztagarri eta jasangarria izateko. Beraz, trantsizio energetikoan agente aktibo izateko sortzen dira, beti ere, eraldaketa energetikoa modu demokratiko, justu eta inklusiboan eginez.

-Zer ekarpen egin ditzake?
-Alde batetik, arlo energetikoan eragin dezake. Horretarako, energia berriztagarrien sorkuntzarako instalazioak aurrera eramaten dira, mugikortasun jasangarria susta­tzen da edo energia bulegoak zabaltzen dira herritarrei aholkularitza energetikoa eskaintzeko. Bestetik, komunitatea ehundu, elikatu eta indartuko du, kontzientzia sortuz, trantsizio energetikoaren garrantzia zabalduz eta gobernantza demokratikoa sustatuz. Elorrioko Energia Komunitateko kideek esaten duten moduan, energia komunitate batek hiru helburu nagusi izan behar ditu: energia aurreztea, hau da, gutxiago kontsumitzea; kontsumitzen dugun energia %100 berriztagarria eta ahalik eta hurbilen sortua izatea, eta sortzen den energiaren kudeaketa herritarren esku egotea.

-Durangok energia komunitaterik behar al du?
-Krisi ekosozial eta energetiko batean murgilduta gaude, eta horren ondorioak denok pairatuko ditugu. Arazo kolektibo baten aurrean gaude; beraz, komunitate moduan pentsatzen hasi behar dugu. Energia komunitate bat fun­tsean hori da: auzi energetikoari aurre egiteko espazio egituratu eta antolatua. Beraz, bai. Durangok ere behar du energia komunitate bat, auzi klimatiko eta energetikoari, era kolektiboan, aurre egiteko. Horretaz gain, beste hainbat onura ere izango ditu. Esaterako, energia berriztagarria sortzeko instalazioak garatzen baditugu, burujabetza energetikoan aurrerapausoak emango ditugu eta, zergatik ez, gure argindar fakturetan aurreztea lortuko dugu.

-Formakuntza saioak buru­tzen ari zarete apiriletik.
-Ideia izan da oinarrizko ezagutzak lortzea gure energia komunitatea sortzeko. Ahalduntze prozesu bat izaten ari da Piztu Durango. Orain arte 4 formakuntza-saio egin ditugu. Laster, hilaren 11n, prozesu guztian ikasitakoa eta hartutako erabaki guztien laburpenak eta ondorioak aurkeztuko ditugu.

-Edozein durangarrek parte har dezake Durangoko Energia Komunitatean?
-Bai, noski. Ez da ezagutza teknikorik behar. Gainera, parte hartzeko modu asko egon daitezke. Horietako bat hilaren 11n Piztu Durango dinamikaren azken saiora hurbiltzea da. Aukera ezin hobea da proiektua ezagu­tzeko eta zalantzak argitzeko. Hala ere, saioen laburpenak eta bideoak egiten ditugu, eta web-orrian (durangoenergia.eus) uzten ditugu eskuragarri. Web-orria bisitatzea ere bada parte hartzeko modu bat eta gure helbide elektronikoa ere (durangokoenergiakomunitatea@gmail.com) zabalik dago edozein zalantza argitu edo ekarpenak egiteko Gainera, aurrerago ere proiektura ba­tzeko aukera egongo da. Durangorako proiektu bat da, eta, beraz, durangar guztiak daude deituak parte hartzera.

-Halako komunitaterik ba al dago inguruko herrietan?
-Euskal herrian 50 komunitate energetiko baino gehiago daude. Horrek esaten digu proiektua guztiz egingarria dela. Esan daiteke helburu nagusiak berdinak edo antzerakoak direla guztietan, baina batzuk energia sorkuntzan eta autokontsumoan zentratzen diren bitartean, beste batzuek hitzaldiak ematen dituzte edo sentzibilizazio kanpainak egiten dituzte. Durangon, oraindik, ez dugu proiektu zeha­tzik definitu. Hala ere, Piztu Durango dinamika oso aberasgarria izaten ari da zentzu horretan. Izan ere, lehenengo saioan hainbat proiektu proposatu ziren Durangorentzat, hala nola, bulego energetiko bat zabaltzea, alokatzeko kotxe elektriko partekatu bat martxan jartzea edo energia sorkuntzarako instalazioak muntatzea.

50 bat pertsona

-Nolako harrera izan dute saioek?
-Saioetara, guztira, 50 bat pertsona hurbildu dira. Horrek esaten digu interesa badagoela. Hala ere, badakigu beste jende asko ere intere­satuta dagoela, eta Durangoko Komunitate Energetikoaren parte izan nahi dute. Gainera, lan handia egin dugu Durangoko elkarte, eskola eta eragile ezberdinekin. Harrera oso ona izan dugu, eta guztiek helarazi digute proiektua babesteko asmoa. Azkenik, Udalak ere interesa erakutsi du, eta uste dugu Gobernu taldearen helburuak eta gureak nahiko lerrokatuta daudela gai honetan. Gainera, aurrekontuetatik 77.000€ bideratu dituzte komunitate energetikoak bultzatzeko. Beraz, bai, badago babes soziala Durangoko Komunitate Energetikoa sortzeko.

-Goienerren laguntza duzue prozesuan.
-Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta kon­tsumo kooperatiba bat da. Esperientzia handia du energia komunitateak sortzeko prozesuak dinamizatzen. Bagenekien beste herri batzuetan bidelagun izan direla horrelako proiektuetan eta guk ere erabaki genuen laguntza eskatzea.

-Piztu Durango dinamika amaituta, zein izango da hurrengo pausoa?
-Gure energia komunitatea sortzeko tramite administratiboekin hasiko gara. Helburua da Durangok Energia Komunitate bat izatea urrirako. Orduan, proiektu zehatzak definitzen hasiko gara, eta martxan jarriko ditugu, Durangotik energia eredua eraldatzeko asmoz.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude