Piztu Durango! dinamikako hirugarren saioan Energia Komunitateko egituraketaren inguruan ibili ginen.
Hauek dira Energia Komunitate batean egon ohi diren lan-taldeak:
- Proiektuen lan-taldea: Energia Komunitateak garatuko dituen proiektuak pentsatu eta diseinatzeko lan-taldea.
- Komunikazio lan-taldea: Energia Komunitatearen kanpo komunikazioa (aurkezpena, bazkidetze-kanpaina, komunikabideak, sare sozialak…) diseinatzeko lan-taldea.
- Komunitate lan-taldea: Energia Komunitatearen barne komunikazioa eta komunitatearen zaintza egingo duen lan.taldea.
- Lan-talde juridikoa: Kontu juridiko-administratiboez arduratuko den lan-taldea.
Lan talde hauek aztertu ostean saioan talde txikietan batu gara Durangon lan talde bakoitzak aurrera eraman ahalko lituzkeen jarduerak proposatzen hasteko.
Proiektuen lan taldea
Lan talde honetan parte hartzeko ez da inongo jakintza teknikorik behar. Proeiktu bat garatzerako unean egin behar desberdinak egongo dira jakintza teknikoetaz haratago, horregatik guztiok gara ongi etorriak lan taldera.
Garatu daitezkeen proeiktuek izaera desberdina eduki dezakete: sentsibilizazio kanpainak, efizientzia energetikoa hobetzeko proiektuak, energia berriztagarrien sorkuntzakoak…
Ikuspegi desberdin hauek kontuan izanda lan taldean irten diren proposamenak hurrengoak izan dira:
- Aholkularitza bulego teknikoa: Durangarren eskura energia fakturak ulertarazi eta optimizatzen lagunduko duen bulego bat sortzea. Honek aurrezki ekonomiko bat ekarriko luke herrira. Honetaz gain etxean aurrezteko aholkuak eman ahalko lituzke.
- Sentsibilizazio kanpainak: Durangoko energia kontsumo datuekin sentsibilizazio kanpaina bat egitea. Eskolekin egin ahalko litzatekeen kanpaina bat izango da eta aldi berean herri osora zabaldu.
- Instalazio fotoboltaikoa: Hasteko Durangon autokontsumo partekatuko instalazio fotoboltaiko bat egiteko proiektua. Honetarako hainbat urrats eman beharko ditu lan taldeak, besteak beste, Durangon eskuragarri dauden teilatuen azterketa bat egin eta finantziazio iturri desberdinak baloratu.
Komunikazio lan taldea
Zelan emango dugu ezagutzera Energia Komunitatea? Noiz eta nolakoa izango da aurkezpena? Ze logo eta izen izango ditu? Zelan diseinatu bazkidetze-kanpaina?
Galdera hauei guztiei erantzuten saiatu gara komunikazio lan-taldean. Izan ere, komunikazioa funtsezkoa izango da proiektura jende gehiago batu dadin.
Komunitate lan taldea
Komunitatea indartzeko dinamikan , honako ildo hauek landu genituen:
- Eragile sozialak eta ikastetxeak inplikatzeko moduak aztertu genituen. Gakoa: parte-hartzea eskatu aurretik, proiektua argi eta ondo azaldu, bakoitzari zer proposatzen diogun zehaztuz.
- Aniztasuna bermatzeko, gizartearen sektore zabalagoak kontuan hartzea funtsezkoa da. Horretarako, Udalaren sareak eta beste aliantza batzuk baliatu behar dira (eskolak, sindikatuak…).
- Energia sorkuntzaz haratago, sentsibilizazio eta ahalduntze energetikorako ekintzak proposatu ziren: esaterako, bulego energetiko ibiltariak.
- Eta, azkenik, talde motorea indartu beharra azpimarratu zen, gero eta zeregin gehiago daudelako eta pertsona gehiagoren inplikazioa behar delako.
Laburbilduz, dinamika honek argi utzi zuen bidearen hasieran gaudela, baina oinarriak sendo eraikitzen ari garela: proiektu partekatu, anitz eta sozialki errotua izatea dugu helburu.
Lan talde juridikoa
Talde txikietan batzerako orduan lan talde hau hurrengo saiorako utzi dugu. 4.saioan komunitate energetiko baten aspektu juridikoak espezifikoki landuko ditugulako.
Gogoratu, hurrengo saioa Maiatzaren 28an, 18:30etan Zabalarra ikastetxean izango da.
Parte hartu lan-taldeetan!
Lanean hasteko ordua iritsi da, eta horretarako lan-taldeak osatzen joango gara. Lan-talderen batean zure ekarpena egiteko prest bazaude, bete azpiko link honetan dagoen formularioa:
https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSdpeFKORP_k9MWOu65e8BgyLGvkhU_eA0UPcSXuDNYoHxzvkA/viewform